Ongi etorri Pompeu Fabra Unibertsitatera

Ciutadella Campus Orrialde honen bidez, gu ezagutzeko eta gure web orriaren bertsio osoa ingelesez, gaztelaniaz edo katalanez kontsultatzeko gonbita egiten dizugu, gure unibertsitatea barrutik ezagut dezazun. Ondoren eskaintzen dizugun informazioak gure erakundea hobeto ezagutzeko aukera ematea espero dugu.

Pompeu Fabra Unibertsitatea

Pompeu Fabra Unibertsitatea (UPF) 1990. urtean sortu zen, Bartzelonako (Espainia) hiri mediterranearrean. Erakunde publikoa da. Besteak beste, graduko eta graduondoko goi mailako heziketa eta ikerketa dira unibertsitatearen helburuak. UPFren ezaugarri nagusiak modernotasuna, bikaintasuna, kalitatea eta prestigioa dira, eta, adierazle horiei guztiei esker, erreferentziazko unibertsitate bihurtu da Espainiako unibertsitate sisteman.

UPFko unibertsitate komunitatea 15.000 ikaslek, 1.500 irakaslek eta 600 langilek osatzen dute. UPFren campusa Bartzelonako erdigunean dago.

Irakaskuntza eta ikerketa

PRBB buildingUPFren irakaskuntza eta ikerketa jarduera ondorengo ezagutza esparru hauetan oinarritzen da:

  • Saiakuntza eta osasun zientziak
  • Politika eta gizarte zientziak
  • Zuzenbidea
  • Ekonomia eta enpresa
  • Giza zientziak
  • Komunikazioa
  • Informazioaren eta komunikazioen teknologiak
  • Itzulpena eta filologia

UPFk graduko eta graduondoko (masterra eta doktoregoa) ikasketen eskaintza zabala du, eta katalanez, gaztelaniaz eta/edo ingelesez eskaintzen dira. UPFk ezarria du Europako Goi Hezkuntza Esparruaren irakaskuntza eredua graduko ikasketetan (4 urte) eta master (urte 1 edo 2) eta doktorego (urte 1 + 3 urte doktore tesia aurkezteko) programa guztietan.

Ikerketari dagokionez, UPFk talde multidisziplinario bat du enpresen eta instituzioen eskura, kualifikazio handiko mila ikerlari inguruz osatutakoa. UPFk bi ikerketa proiektu nagusi zuzentzen ditu: Bartzelonako Ikerketa Biomedikorako Parkea eta UPF - Gizarte eta Giza Zientziak Ikerketa Parkea; prestakuntzako, ikerketako eta ekoizpeneko azpiegitura handiak dira, honako esparru hauetan, hurrenez hurren: biomedikuntzan, komunikazioan eta teknologian, eta gizarte zientzietan.

Bokazio europarra eta nazioartekoa

Jaume I buildingGure unibertsitatearen nazioarteko bokazioaren adibideetako batzuk honako hauek dira, besteak beste: UPFko ikasleen mugikortasuna, UPFra etortzen diren nazioarteko ikasleak, mundu osoko ospe handiko unibertsitateetatik etortzen direnak, mundu osoko hirurehun unibertsitate baino gehiagorekin egindako lankidetza hitzarmenak, lehen mailako nazioarteko irakasle eta ikertzaileen partaidetza eta nazioarteko proiektu, sare eta erakundeetan dugun parte hartzea.

Emaitzak eta laneratzea

Eskola emaitza eta laneratze maila onei esker, Pompeu Fabra Unibertsitateak toki pribilegiatua betetzen du Espainiako unibertsitate sistemako gainerako unibertsitate publikoen ondoan.

Berrikuntza teknologikoa

Teknologia berrien bitartez kalitatea hobetzea da Pompeu Fabra Unibertsitatearen erronka nagusietako bat. Gaur egun, UPF Espainiako unibertsitate nagusietako bat da informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien garapenean eta aplikazioan, bai esparru akademikoan, bai administrazioan.

Eleaniztasuna

Pompeu Fabra Unibertsitate eleaniztuna da. Unibertsitate honetan katalana -unibertsitatearen berezko hizkuntza ofiziala-, gaztelania -koofiziala- eta ingelesa erabiltzen dira. Hiru hizkuntza horiek dira komunikatzeko eta eskola lanerako hizkuntza nagusiak.

Nazioarteko ikasleari laguntzeko zerbitzuak

UPFk nazioarteko ikasleari eskaintzen dizkion zerbitzu pertsonalizatuen artean Mugikortasun eta Harrera Bulegoa azpimarratu behar da. Bulego horrek gai akademikoekin, praktikekin nahiz legezko gaiekin lotutako laguntza eskaintzen die atzerriko unibertsitateetatik UPFra datozen ikasle guztiei. Nazioarteko ikasleei beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dizkio unibertsitateak: unibertsitate egoitzak, katalanezko eta gaztelaniazko ikastaroak, hizkuntza programa (ingelesa, frantsesa, alemana, arabiera, txinera, japoniera...), hizkuntza boluntariotzako programa (trukea), eta Ikasketa Hispaniarren eta Europarren Programa.